XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

B) ARTEAREN HISTORIA ETA KALITATEAREN BILAKETA

Kalitatearen bilaketa da gizakia eta animalia bereiztu dituena, bata bestearengandik izaeraz desberdintzen dituena.

Animaliak bulkadei, senari, gutizia edo desira hutsei jarraiki jokatzen du.

Gizakiak, ordea, zer egiten duen dakiela jokatu nahi luke.

Bere ekintzen eta inguruko gauzen zioak eta arrazoiak ezagutu eta horiei buruzko eritzia eman nahi du.

Gizakia, gainera, ez da gauzen ezaguera hutsarekin konformatzen; existitzen edo existitu denaren gain aktuatu egin nahi luke, bere errealitatea eraldatu eta aurrerantza projektatu.

Honela doa bere historia sortzen eta idazten.

Horretarako, zer komeni zaion aukeratu egiten du, zer zaion ona eta zer txarra, zer ederra eta zer itsusia bereiziz.

Honelaxe sortuz joan ohi da Huyghe-k ederki asmatuz gizakiaren kalitate-sena deitzen duena.

Honek eraginda idazten du gizakiak artearen historia bere burua gehiagotzeko ekinaldi batean.

Besterik gabe, bat egiten dira kolpe batean morala eta artea, etika eta estetika.

Bi eremuok elkar ukitzen eta gurutzelarkatzen dira arte-obran, bien arteko banaketa zaila gertatuz.

Gizakia beti ahaleginduko da berak egindako arte-obran (ontzi, eskultura, pintura nahiz etxe izan) kalitatea lortzen.

Horra hor gizakiaren bereizgarria eta handitasuna.

Artearen historiari gainbegiratu bat emanez gero obra guztietan aurkituko genuke ezagutzaren eta kalitatearen bide bikoitza.

Piccaso: Las Meninas Velazquez-en koadroa oinarritzat hartuz egindako serieko iru kuadro.